Erantzukizunez jokatu

1. Urtarril honen 10ean, aspalditxoan espero zen Agiria kaleratu zuen ETAk, aurrez berak iragarritako indarkeriaren etena gai hartuta. Testuak honako hau zioen, hitzez hitz: “Nazioarteko komunitateak egiaztatu ahalko duen su-eten iraunkor eta orokorra adieraztea erabaki du ETAk.  Horixe da behin betiko konponbiderako prozesuarekin eta konfrontazio armatuaren amaierarekin ETAk duen konpromiso irmoa”.

Pentsatzekoa zen bezala, kolore guztietako erreakzioak etorri dira esandako Agiriaren ondoren, Euskal Herri barruko eta kanpoko posizio politiko desberdinetatik eta sortu diren itxaropenen eta interesen arabera. Egia esan, ez zegoen horretaz zertan harriturik. Baina harrigarriagoa da eta, era berean, kezkatzekoa, postura horien pluraltasunak nahasmena ekartzea ETAren adierazpenaren aurrean, egindako iruzkinetatik ondorioztatzen den bezala. Nola hartu, errealitate horren aurrean, postura pertsonala eta argia, norberaren iritzi eta sinesteekin bat datorrena?

Hona, ondoren, zenbait gogoeta, baliagarri izango zaizkizuen itxaropenean.

2.  a) ETAri ustez ordaindu beharreko prezioa indarkeria amaitzeagatik

Garrantzi bereziko puntua da hau. Zilegi da galdetzea ETAk prezio politiko bat ordaintzea eskatzen ote duen ala ez, indarkeria armatuaren erabilerari behin betiko uko egitearen truke. Prezio hori honako hau litzateke: prozesu demokratiko bat abian jartzea, behin betiko euskal gatazka konponduko lukeena, euskal herritarren erabakitzeko eskubidearen errekonozimenduan oinarrituta. Independentzia alboratu gabe, jakina, esandako Agirian ETAk esaten baitu “prozesu demokratikoa sustatzeko eta burura eramateko ahaleginean eta borrokan etsi gabe jardungo duela, Euskal Herrian egiazko egoera demokratikoa erdietsi arte”.

Baina, era berean, ETAk dio “nazioarteko komunitateak egiaztatu ahalko duen su-eten iraunkor eta orokorra adieraztea erabaki duela”, su-eten iraunkorra, orokorra eta egiaztagarria. Azpimarratzen da, hortik abiatuta, bere erabakia alde bakarrekoa dela, baldintzarik gabea. Hala, ETAk izaera politikoko prozesu demokratiko bat aurrera eramatea onartuko luke, Euskal Herriaren askatasunaren zerbitzuan, eta aurrera eramate horretan ez luke parte hartuko bere indarkeriarekin hura baldintzatuz, alde bakarretik hari uko eginda bailegoke.

Ematen du azkeneko hori dela ETAren hitzen arrazoizko interpretazio bakarra. Horrela izan ezean, Agiria kokatzen den testuinguruak, nazioartean hartu duen dimentsioa barne dela, ez luke inolako oinarririk eta egiazkotasunik izango: “txantxa” astunegia litzateke eta oso leku txarrean utziko luke, ETA bera ez ezik, baita Ezker Abertzalea ere, betiko “markatua” geratuko bailitzateke talde politiko gisa, nolaz eta, errealitate horren aurrean, ez duen postura argia eta behin betikoa hartzen.

    b) Demokrazia politikoa ETArik gabeko Euskal Herrian

Euskal Herriko biztanleriaren parte garrantzitsu baten iritzian “gatazka” politiko bat dago gure herrian, ETArekin nolabaiteko lotura duena baina haren existentziarekin inola ere identifikatzen ez dena. Gatazka horrek bi dimentsio lituzke, bata Herri barrukoa eta bestea kanpokoa, Euskal Herriak espainiar Estatuarekin duen erlazio moduan gauzatzen dena. Gatazka hori guztiz konpontzetik letorke gure Herriaren “normalizazio” politiko osoa. Baina egia da ere, bestalde, gatazka hori, bai Euskal Herrian eta bai hemendik kanpo, ETAren interesen zerbitzuan ipinitako sorkuntza artifizial gisa hartu izan dela. Hori hala balitz, behin ETA desagertuz gero, Euskal Herrian gatazka politikoa dagoela dioten planteamenduek ez lukete inolako zentzurik.

Pluraltasun politiko hori Euskal Herriaren errealitate historikoa denez, Herri honen baketze demokratikoa ETAren desagertzearekin lotu nahi izateak ez luke inolako oinarririk. Arazoak bere horretan jarraituko du pentsaera desberdina dutenengan, hain zuzen ere, pentsamendu askatasunerako duten eskubide politikoaren indarrez. Eskubide hori, ETA desagertzearekin, pertsona guztientzat bermatua egon behar luke. ETA desagertzeak, besterik gabe, ez du esan nahiko, euskal herritar guztientzat, demokrazian daudenik. Horregatik, euskal arazo edo gatazkaren konponbidea ez da nahastu behar ETAren desagertzearekin, beste gabe. Aldiz, desagertze horixe izan liteke biderik egokiena arazoaren planteamendu zuzen eta egokia egiteko. Hori ere kontuan hartu beharreko arazoaren dimentsioa baita.

    c) Euskal Herriaren normalizazio politikoa eta pluralismo politiko-soziala

ETAren indarkeria amaitzeak, hortaz, Euskal Herriaren normalizazioan aurrera egitea esan nahi du, bere eskubide sozio-politikoen egikaritze askearen bitartez. Ikuspegi horretatik, Euskal Herri osoa aterako da irabazten bakea sendotuta geratzetik. Baina Herri honen berezitasuna dela-eta –bere dibertsitate sozio-kulturala, hain zuzen– normalizazio politikorako funtsezko eskaeretako bat, ezinbestean, bere pluraltasun politikoaren errekonozimendua izan beharko du. Pluraltasunerako eskubidearen aitortza horrek aukera kultural eta politiko-sozial jakin bat Euskal Herriaren errealizaziorako benetako aukera bakartzat hartzea eragotzi beharko du.

Euskal Herriaren normalizazioa, beraz, ez da nahastu behar aukera ideologiko-politiko jakin baten helburuak lortzearekin, non gauzatuko litzatekeen, ustez, Euskal Herriaren benetako errealizazio demokratiko osoa. Kontu handia izan beharko da aukera politiko-sozial alderdikoi eta baztertzaileen zerbitzuan jarritako zilegi usteko “jabetzeak” eragozteko.

3. Askatasun politikoa eta parte-hartze zibila

 

Normalizazio politikoaren elementu ezaugarrietako bat kudeaketa publikoan askatasunez parte hartzeko eskubidearen errekonozimendua izan behar du, botoa emateko eskubidearen egikaritze askearen bitartez. Herritarren oinarrizko eskubideetako bat izanik, Estatu demokratikoek aldezten eta arautzen dute eskubide horren egikaritza lege egokien bitartez. Hala, Zuzenbide Estatuaren osagai funtsezkotzat hartzen da oinarrizko eskubide horren egikaritza eta, horregatik, benetako demokraziaren adierazletzat. Eskubide pertsonala da, herritarrari ezin kendu liezaiokeena, ez baldin bada pertsonalki ezarritako zigor baten indarrez.

Horregatik, ez da ulertzen jada existitzen ez den alderdi batekoa izatea, beste gabe –herritar bakoitzari alderdi hartakoa izateagatik zigorrik ezarri ez zitzaionean–, nahiko arrazoi izan daitekeenik herritarrari, bai banaka eta bai talde gisa, botoa emateko eskubidea ukatzeko. Nola baiezta daiteke Zuzenbide Estatua indarrean dagoela alderdi sortu berri batekin bat egitea –zeinaren estatutuak legezkoak diren eta, ondorioz, “zilegi” direnak– nahiko arrazoi jotzen bada pertsonei kudeaketa publikoan askatasunez parte hartzeko eskubidea ukatzeko? Ez al da berori nahiko arrazoi esateko horrela sortutako egoera politiko berriak ez duela herritarren borondateak berretsitako Zuzenbide Estatuak eduki behar lukeen sendotasunik?

Anuncios

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión /  Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión /  Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión /  Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión /  Cambiar )

w

Conectando a %s