Bakearen zerbitzuan hemen eta orain

1. Zalantza handiak sortu dira gure artean, ia nahasmenera heltzerainokoak, Ezker Abertzaleko SORTU alderdi politiko berria legeztatzearen inguruan, gertaera horrek hurrengo udal eta foru hauteskundeen garapenean eta emaitzetan izango lituzkeen ondorio guztiekin. Horrekin batera, badirudi mundu guztia konbentzituta dagoela, pisu handiko kargu politikoak barne, amaitzear dagoela, behin betiko, ETAren indarkeria.

Egoera nahasgarri honen jatorria ez da bilatu behar, soilik, ETAren “borroka armatua” behin betiko amaitzeko helburua lortzeko jarraitu behar diren bide desberdinetan eta bete behar diren baldintzetan. Helburu horren inguruan badira “baketze prozesua” deituarekin batera erdietsi nahi diren beste interes politiko kontrajarri eta bateraezin batzuk ere.

Testuinguru sozio-politiko honetan, badirudi “eraginkortasuna” dela azken irizpidea; horri heldu nahi diotela estrategia politikoek, “maltzurtasun” politikoari, beren interesak lortu ahal izateko. Eta nahi litzateke, gainera, norberaren jokabidea eta erdietsi nahi diren interesak ekarpen onena izatea guztion ona gauzatzeko, hain zuzen ere, horren zerbitzuan egon behar baitu ekintza politiko orok.

2. Planteamendu horien aurrean, beharrezkoa da benetako demokraziaren oinarria den printzipio etikoa aldarrikatzea, alegia, guztion on hori, bere izatearen kariaz, herritar guztiei eta bakoitzari dagokiola, ez dagoela justiziatik eta askatasunetik bereizterik, ez eta pertsonaren duintasunari zor zaion errespetutik ere, eta ondorioz, pertsonaren oinarrizko eskubide guztiak aitortzea eskatzen duela.

Hitz horiei, ordea, hutsalak eta indarrik gabeak bilakatzea nahi ez badugu, ezin zaie barruan duten edukia kendu, Beharrezkoa da gogoratzea zer esan nahi duten. Are gehiago, eduki horiek ez aintzat hartuak edo ezkutatuak izan badaitezke justiziarekin eta askatasunarekin bateraezinak diren beste interes partikular batzuen atzean, kontuan izanik bai pertsonek eta bai kolektiboek eskubidea dutela esandako justizia eta askatasuna izateko.

3. Horregatik:

a) Erabat beharrezkoa da aldarrikatzea, bizi ditugun une hauetan, pertsonaren bizitzeko oinarrizko eskubidea ez dagoela helburu politiko jakin batzuk lortzearen eta, kasu honetan, abian jarritako “baketze prozesuaren” arrakasta handiago edo txikiagoaren mende jartzerik. Etorkizuneko balizko mehatxuen itzala eta, arrazoi handiagoz, atentatu terroristena, beti, baita orain ere, bateraezina izango da justiziarekin. Oinarrizko eskubide horri zor zaion errespetua ez dago baketze prozesuaren arrakastaren edota horretatik erator daitezkeen helburu politiko-sozialen lorpenaren baldintzapean jartzerik.

b) Banaka eta elkarte gisa politikan –hau da, “arazo publikoen” kudeaketan– parte hartzeko eskubidea oinarrizko giza eskubidea da eta eskubide hori ez dago kentzerik ez pertsona bati, ez talde bati, lege-hauste bat egin duela frogatzen ez bada eta, berorren ondorioz, legean aurreikusitako zigorra ezartzen ez bazaio. Jada zigortuak dauden delitu batzuk etorkizunean berrituko diren beldurra edo susmoa ezin daiteke nahiko arrazoi izan oinarrizko eskubideen egikaritza orain eta  hemen eragozteko, delitu haiek “ordainduak” baitaude legez ezarritako zigorra bete ondoren. Oinarrizko eskubide baten egikaritza eragozten duen etorkizunari begirako zeinahi “badaezpadako” eskakizun, aurrez ezarri eta betetako zigorretik kanpo, ez dirudi bateragarria denik jada zigortua izan den lege-hauslearen eskubideei zor zaien errespetuarekin. Ondorioz, ez litzateke zuzena izango pertsonen eskubide sozio-poltikoen egikaritza galaraztea indarkeriak eragindako kalteak “konpentsatuko” lituzketen beste eskaera batzuk bete arte, lege-hausleei aurrez zilegitasunez ezarri eta betetako zigorretatik kanpo.

c) Gizartea erabat baketzeak legeak ezarritakoetatik harago heltzen diren “giza” eskakizunak ditu. Horregatik, indarkeriak zuzenean gehien eragin dien pertsona eta taldeen egitekoa eta erantzukizuna izan behar luke benetako bizikidetza berreskuratzen lagunduko duten jarrerak eta jokabideak sustatzea eta bizitzea, pertsona orori zor zaion errespetuaren eta estimuaren barruan, aldi berean, benetako adiskidetzea eragozten duten oztopo guztiak kenduz.

d) Azkenik, “Harremanetarako Nazioarteko Taldearen” jokabideari dagokionez, zeinaren egitekoa berariaz errefusatu baitu Espainiako gobernuak, garrantzizkoa da ETArekiko edo haren izenean hitz egiten dutenekiko harreman edo elkarrizketa posible guztiak esandako Taldeak etorkizunean egin lezakeenera ez mugatzea. Estatuko organismoen jokabidea edozein dela ere, beharrezkoa iruditzen zaigu aitortzea komeni dela beste elkarrizketa batzuk ere egotea indarkeriaren arazoa ebazteko lagungarri izan daitezen. Eta harreman horiek, ETAk armei uko egiten diela iragarri eta egiaztatzen ez den bitartean, ez daitezela, nahitaez, ETArekiko kolaboraziotzat hartu.

Anuncios

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión /  Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión /  Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión /  Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión /  Cambiar )

w

Conectando a %s