Benetako demokrazia zuzenaren zerbitzuan

1. Maiatz honen erdialdera, hauteskunde kanpainaren erdi-erdian, M-15 deitu zaion mugimendua jaio zen Madrilen, Puerta del Sol deritzan plazan. Berehalaxe, estatuko hainbat hiriburutara zabaldu zen, Bilbo, Donostia eta Gasteiz barne zirela. Zenbaitzuk uste zutenaren kontra, mugimenduaren asmoa ez zen hauteskunde prozesuari trabak jartzea. Helburua ez zen hori. Dirudienez, hasieran behintzat, hauteskundeak ez zituzten oso aintzakotzat hartzen, ez zietelako ahalmen politikorik aitortzen gizartearen arazo ekonomikoak eta politikoak konpontzeko. Beste zerbait zen. Aurretik abian zegoen Benetako demokrazia orain izeneko mugimendu unibertsitarioaren hedapen gisa, manifestazioaren azken helburua herritarren parte-hartzea alderdi politikoetara mugatzen duen sisteman oinarritutako demokrazia kendu eta benetako Demokrazia ezartzea zen. Kontua ez zen, beraz, hauteskundeetan eragina izatea, baizik eta aldaketa demokratikoa xede duen prozesu bat abian jartzea, oraingo sistema honen ordez ezartzeko. Aldaketaren motortzat haserrea daukate, kapitalismoaren esplotaziotik eratorritako bidegabekeriek sortutako haserrea, bidegabekeria horiek jasaten dituzten “haserretuen” borroka.

Beharbada, eredu kapitalista, alderdi politikoen sistema eta berori praktikara eraman duten politikariak ezabatzearen hasierako logika zurrun hura ahulduz joan da herri gogoetatik jaiotako ekarpenen eta han bildutako “herriaren” benetako demokraziaren ariketan erabakitako berehalako helburuak lortzearen harira. Baliteke han lortutakoa etorkizunean jarraipena izango duen zerbaiten lehen pausotzat hartzea ere. Agian hori esan nahi du ondorengo ideia honek: “Hau iraultzailea da. Eta ez da hasiera besterik”. Beste ahots batzuek ez zuten sistema bera salatzen, baizik eta “sistemaren erabilera txarra, ekonomikoki ahaltsuen mende dagoelako eta politikariak haien morroi direlako”. Baina ez ziren falta indarrean dauden demokrazia arauak dinamizatzearekin ez zela nahikoa aldezten zutenak ere.

2. Edozein dela ere Benetako demokrazia orain lortzera bideratutako mugimendu honen etorkizuneko garapena, edo higikundeak berak elika ditzakeen etorkizunerako itxaropenak, erdietsi ditzaketen lorpen objektiboak bazterrera utzi gabe, egia ukaezina da “M-15 mugimendua” deitu zaion hori garrantzi eta neurri ikaragarriko arazo politiko baten isla eta adierazpena dela. Badu berezitasun bat, ordea; alegia, ez dela planteatu politikan “adituak” direnen eztabaidetatik edota arazoak konpondu behar lituzketen politikarien eskutik, hain zuzen ere, “aginpide” demokratikoa herri guztiarena izanik ere, hautatuak gertatu direnek baitute aginpide hori erabiltzeko pribilegioa. Aginpide politikoa, baina, izugarri baldintzatzen dute beste era bateko botereek, eta horien zuzeneko xedea ez da izaten erkidego politikoaren  “ongia” lortzea, baizik eta kapitalaren “interes ekonomikoak” aldeztea edota hainbat komunikabide sozialen azpian dagoen “ideologiaren” alde jokatzea.

Gorago aipatu dugun “haserre” hori errealismo handiagoz irakurtzen eta balioesten da orain indarrean dagoen demokraziaren bidegabekerien ondorioak pairatzen dituztenen sufrimendutik. Pairamen hori, izan ere, demokrazia eredu baten emaitza da, balorazio kritiko sakon bat eskatzen duen eredu batena, benetakoa izanik ere –horixe baita existitzen dena– ez baita izan behar lukeen bezalako demokrazia, aginpide faktikoak eta errealak herriaren zerbitzuan dituena, guztiok osatzen dugun herri horrek izan behar bailuke aginpide politikoaren benetako subjektua. Bistakoa da hori ez dela lortuko herri “haserretuari” bidegabekeriaz kendu zion boterea itzultze hutsarekin. Politikariak ez dira, egiaz, zerbitzatu behar duten herria. Puerta del Sol eta beste hiri batzuetako manifestazioetara bildu den jendea ere ez da ezarri nahi den benetako herri demokraziaren subjektu izan behar duen herria. Herri horren parte baizik ez dira, eta uste izatekoa da ez dutela guztiek pentsamolde bakarra ere izango.

3. Egun gutxi barru, hauteskundeetan izandako emaitzen eta, zalantzarik gabe, alderdien artean hitzartzen diren akordio edo konpromisoen ondorio gisa, Euskal Herriko Foru Aldundietan eta udalerrietan zehazturik geratuko dira aginpide “politikoa” egikarituko duten subjektu berriak. Herri pluraletik, hau da, herritarrengandik, abiaturik, herri horren zerbitzuan jarri beharko dute, buru-belarri. Egungo legedia betetzeak –bai boterearen subjektuak zehazteko orduan eta bai botere hori praktikan jartzerakoan– bermatuko du hartzen diren erabakiak legezkoak izango direla. Baina “haserretuen” ahotsak gogora ekarri digu, lehendik ez baldin bagenekien, demokraziaren egungo legezkotasunak ez duela, beste gabe,  erabakien zuzentasuna bermatzen, ez eta erabaki horien ondorioz sortutako egoeren zuzentasuna ere; hau da, benetako demokraziaren zerbitzuan egon behar dutela esandako erabakiek. Beharrezkoa litzateke, justizia egingo bada, herri batzar horietan parte hartu dutenek proposatutako hainbat helburu kontuan hartzea: lanerako eta etxebizitzarako eskubideak egiaz aitortuak izatea, kalitate hobeko zerbitzu publikoak eskaintzea, erreformak bultzatzea fiskalitate sozializatuago baten alde, eta klase politikoaren pribilegio bidegabeak errotik ezabatzea.

Justizia edo, nahiago bada, guztion ona lortzeko ahalmena indarrean dagoen legediak, beste gabe, bermatzen ez duen bitartean, are handiagoa izango da boterean daudenen erantzukizun sozio-politikoa, betiere, herritar guztien eskubideak errespetatuko dituen benetako demokraziaren egiazko helburuak lortze aldera.

Anuncios

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión /  Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión /  Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión /  Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión /  Cambiar )

Conectando a %s