Bakea nahi dugula, egia ote?

1.- Azken hilabete hauetan arlo politikoan garrantzia duten gertaera ugari izan da. Udal eta Foru hauteskundeak batetik eta erakunde hauetan gertatu diren aginte aldaketak bestetik. Espainiar Estatu mailan hurrengo hauteskundeak aurreratzearen aldarrikapena ere egin da eta honek ere eragina izango du EAEn. Bestalde, krisi ekonomikoa gogor jotzen ari da gizartean ondorio larriak eraginez, batez ere langabeziari dagozkionak bereziki gazteak lan munduan murgiltzea eragotziz edo atzeratuz.

Bestalde, bi azken urteotan ETAk Estatu espainiarrean indarkeriazko ekintza zuzenik ez egin izanak eta espainiar eta frantziar segurtasun indarrek elkarturik egindako ekintza errepresibo arrakastatsuei emandako publizitatea dela eta, ETA betirako desagertzea eta Euskal Herriaren baketzea bigarren mailara pasatu diren helburuak direla dirudi. Eta hau ez da egia.

2.- ETAren existentziak, berak bere desagertzea aldarrikatzen ez duen bitartean, gure herriaren elkarbizitzarako oso kaltegarria izaten jarraituko du. Publikoki esan ala ez, Euskal Herriaren etorkizuneko garapen politiko normala eragotziko du. Eta horregatik Euskal Herri honek jakiteko eskubidea du zein den ETAk jarraitzearen arrazoia, armekin nahiz arma gabe, ETAk berak dioen hasi den etapa berriaren prozesu politikoaren garapenean. Ala bere estrategia politiko-militarraren bidez, ustez berak lortutako arrakastak, kapitalizatuz, baliatu nahi ditu, joan den uztailaren 7ko komunikatuan adierazi zuen eran. Eta hori bere estrategia politiko-militarrari etekin politikoa ateratzen jarraitzeko modua izango litzateke. Hau noski, denek baieztatzen duten helburu politikoak lortzeko bide politikoak soilik erabiltzearen borondatearen aurka dago.

Baina ez da hau indarkeria terroristari etekin politikoa ateratzeko modu bakarra. ETAren desagerpen osoa garaipen polizial bidez lortua, Estatuko hiritar guztiek onartu eta eskertuko luketen arrakasta handitzat hartuko litzateke. Baina batez ere, garaipen horrek, lortzeko unean agintean leudekeenen alde egingo luke eta arlo guztietan etekin politiko nabarmena ekarriko lieke.

Nolanahi dela ere, baketzea lortzeko prozesua, indarkeria armatua behin betirako desagertzea hain zuzen ere, independientea eta bakea bera ez den beste edozein helburu politikoren lorpenetik at egingo dena izan behar du. Agian hain larriak diren gaiek eskatzen duten zuhurtzia eta diskrezioa dira isiltasunaren arrazoia baina kezkagarria ere badela aitortu behar dugu. Demokratikoa izan nahi duen gizarte batek jakin eta leial izan behar du printzipio etiko eta politiko honekiko, hots, arazo politikoak elkarrizketa eta negoziazio bidez konpondu behar dira, bake giroan, hau da, edozein indarkeria armaturen eraginik gabe. Ikuspegi honetatik, bakeak, denok onartu, baieztatu eta babestu behar dugun absolutua izan behar du, oportunismo politikoengatik inork ere ukatu edo zalantzan jarriko ez duena.

Horrela ulertutako bakearen eskakizunen barnean gauzatuko dira proiektu politikoak eta bakoitzak norbanako nahiz taldeenak, bere interes ekonomiko, politiko edo kulturale justizia eta egiarekin bat datorrela uste duena gauzatu ere. Hemen kokatu behar dira konpondu beharreko arazoak, sarritan teknikoak deituak nahiz eta izendapen hau ez oso egokia izan, baketze osoa eta zuzena lortu ahal izateko. ETAko presoek planteatutako arazoak, hara nola, zigorren iraupena, euren herrira hurbiltzea eta gaixotasun larriak dituztenekiko jokabidea. Era berean, beste ikuspegi batzuetatik, edozein indarkeria motatako biktimei dagokien justizia eta solidaritateaz ere hitz egiten da.

3.- Beharrezkoa da baita ere bereiztea bakea eta baketzeari buruz dioguna eta euskal gatazka deitzen zaionaren konponbiderako planteamenduak. Gatazka hau ETAren indarkeriari lotua egon da eta beraz, baketzearekin ere bai. Egia esan, baketze hitzarekin bi egoera adieraz daitezke eta nahiz eta elkarrekin zerikusi handia izan, ezin dira nahastu. Beraz, argitzea komeni da.

Baketzea, Euskal Herriaren eskubide guztien, baita autodeterminazioarena ere gauzatzearen ondorio gisa ulertzen da, edozein izanik ere eskubide horien emaitza. Baina baketzea, indarkeriarik ez izatearen ondorioz lortutakoari ere deitzen zaio. Baketze hau ekintza politikoaren jarduera demokratikorako oinarrizkoa eta derrigorrezkoa da. Horrela batzuk esango dute ez dela baketzerik izango justiziaren arabera euskal gatazkari dagozkion arazo guztiak konpontzen ez diren bitartean. Baina beste batzuek esango dute, indarkeria desagertzearen ondorioz bakea lortzen ez den bitartean, ez dela posible izango euskal gatazkari dagozkion arazo politikoak demokratikoki konpontzea, ezta justiziazkoak ere.

Gauzak ongi planteatzea beharrezkoa da arazoak behar bezala konpondu nahi badira. Ez da nahikoa esatea denok baketzea lortu nahi dugula. Arazo politikoak bide politikoetatik konpondu behar direla onartzeak, indarkeriarik eza eskatzen du aurrez. Honek jada, neurri batean benetako eta beharrezko baketzea adieraziko luke. Horrela ez balitz, ez luke zentzurik izango ETAk indarkeria uko egin diola esateak eta are gutxiago bere desagertzeaz hitz egiteak. Baketze hitzari ematen zaion zentzua zein den argitzea beharrezkoa da zertaz hitz egiten eta justizia egian oinarriturik eraikitzen ari garen jakiteko.

Anuncios

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión /  Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión /  Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión /  Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión /  Cambiar )

Conectando a %s