Elkarren aurka egotetik zerbitzatzeko borondatera

1.- Joan dira egun batzuk Espainiako Parlamentu berria –eta ondorioz Gobernuko presidentea– aukeratzeko hauteskundeak egin zirenetik. Batzuen pozaren eta besteen frustrazio eta desengainuen ondoren, heldu da politikaren benetako helburua izan behar duenari aurre egiteko ordua. Argi dago helburu hori zein den: “guztion ona” gauzatzearen bitartez herri osoa zerbitzatzea. Politika ez da, berez, helburu. Aldiz, tresna bat da, bitarteko bat, bere existentzia justifikatzen duen helburua gauzatzeko. Eta ez “irabazleen” onura bakarrik, baizik eta herritar guztiena. Helburu horretara zuzenduta daude gogoeta hauek ere.

2.- Hauteskunde “orokorrak” izan direnez, berorien emaitzek ez dute eraginik, zuzenean behintzat, erkidego edo udal mailako erakundeetan. Eztabaidagarria izan daiteke hauteskunde orokorrak eta tokikoak denbora berean egitea edo ez egitea komenigarriagoa den edo ez hauteskunde horiek eman behar duten zerbitzua hobeto edo okerrago gauzatzeko. Auzi horrek garrantzi berezia du, gainera, Euskal Autonomia Erkidegoaren kasuan, aurreko hauteskundeetako errealitate politikoan –ETA potentzialki abian zegoela–, botoa emateko eskubidea egikaritzeak izan zituen mugak kontuan hartzen baditugu. Ez dago dudarik Euskadiko aginpide autonomoaren “ordezkaritza” neurtzera joango bagina, hauteskunde haietako emaitzak eta oraingoetan lortutakoak alderatuta, aldea nabarmena izateaz gainera, azkeneko hauek izango liratekeela garaile. Horrek ez du zalantzan jartzen, dena dela, orduko hauteskundeen zilegitasuna edo balioa, edota hemendik aurrera egiten denarena, aldaketa instituzional zilegi bat egiten ez den bitartean.

Hori horrela izanik ere, esan behar da, bestalde, euskal herri osoa, bere pluraltasun sozio-politiko guztia barne dela eta eskubide zibiko-politiko osoak aitortuak izatez gero, kontuan hartu beharko duela oraingotik oso bestelako errealitate sozio-politikotik jaio eta eratu zen aginpideak, azken hauteskundeotan argi geratu den bezala. Demokrazia sozio-politikoaren eskubide “formalek” beren benetako edukia hartuko badute beharrezkoa da errealitate sozialaren zehaztapen historikoan gauzatzea. Betekizun loteslea da hori botere politikoarentzat, nornahi dela ere aginpidea egikaritzen duena.

3.- Azken hauteskundeotan islatu den herri borondatearen eta aurretik eratutako boterearen artean egon daitekeen “disfuntzioa” baliagarri izan daiteke “oposizioko” alderdiek erkidego politikoaren zerbitzuan bete beharreko eginkizuna hobeto ulertzeko. Bai “gehiengoa” dutenei eta bai “gutxiengoan” daudenei, guztion ona gauzatzeko ematen zaie aginpidea, eta ez beste ezertarako. Joko demokratikoaren barruan, “oposizioaren” ekarpena ezin daiteke soilik gehiengoari oztopoak jartzea izan, haren posizioa ahultzeko eta hura aginpidetik kendu eta norbera jartzeko. Oposizioak ere herriaren zerbitzuan eta hari on egiten saiatu behar du, gizartea osotasun eta pluraltasun guztian harturik.

Bereziki kontuan hartzekoa da aurreko gogoeta hori gaurkoa bezalako egoera batean. Izan ere, Estatu mailan, gehiengo absolutua lortu du indar politiko batek eta horrek aukera ematen du botere politikoa azken muturreraino eramateko, gutxiengoen kontra edo haiek ezertarako aintzat hartu gabe. Baina, gutxiengoek kritikatu eta aberastutako ekintzetatik hobeto zerbitzatuko litzateke benetako demokraziak galdegiten duen herri osoaren ona. Eta horrek berebiziko garrantzia hartzen du egun bizi dugun krisi egoera honetan. Herritarrak, itxuraz, aspertuta daude ezertara eramaten ez duten alderdien arteko liskarrez, iruditzen baitzaie beren interes partikularrengatik borrokatzen direla horrela, erkidegoaren arazoak konpontzeko zereginean parte hartzeko borondate argia erakutsi ordez. Esan bezala, bereziki garrantzitsua da planteamendu “politiko” hori egungoa bezalako krisi ekonomiko baten erdian, egoera honen irtenbidea ezingo baita aurkitu egun existitzen diren balizko “ereduetakoren” bat besteei inposatuz. Eredua, onerako edo txarrerako, Europar Batasunaren barruan egoteak baldintzatzen du, eta esparru horren barruan jokatu beharko da, gure arazo partikularrak konpondu nahi baditugu. Horko gehiengo eta gutxiengoen artean iritsi beharko dute akordioetara, betiere, ahalegin bateratua eginez premia handienean eta pertsonaren duintasunari ez dagokion egoeran daudenei ahalik eta gehien laguntzeko.

4.- Benetako demokraziak eskatzen duenaren arabera, herri ordezkaritzari izan behar zaion leialtasunaz ari garenean, egokia da aipatzea oraindik konpontzeke dagoen beste arazo bat; izan ere, zenbat eta lehenago ebatzi, are sendoagoa izango baita lortu nahi den elkarbizitza demokratikoa. Sortu alderdi politikoa legeztatzeaz ari gara, Konstituzio Epaitegiak emango duen epaiaren mende baitago. Gai horren eragina ez da zuzenean interesatuetara mugatzen, baizik eta gizarte eragin ukaezina du. Oso erraza da zergatia ulertzen.

Ezker Abertzalea deituak, Sortu izenarekin eta bere estatutuak aurkeztuta legeztatua izateko eskatu duen alderdi politikoak baino errealitate edo espektro zabalagoa hartzen du. Ezker Abertzalearen barruan sartzen baitira beste kolektibo batzuk ere, beste zenbait alderdi politiko barne direla. Horregatik, ez dago esaterik Ezker Abertzalea benetako alderdi politiko bat denik. Hauteskundeetarako koalizio bat izan daiteke, edo subiranotasunaren aldeko bateratze “gune” bat, alderdi politiko edo kolektibo bakoitzaren autonomiarekin bateragarri izan daitekeena, zein bere proiektu eta ideologiarekin eta erabakiak hartzeko eskumen eta askatasunarekin, gizarte elkarbizitzaren esparru guztietan.

Gai hori garbi uzteak, esandako kolektiboen “publikotasuna” kontuan hartuta, on egiten dio elkarbizitza demokratikoari, hori ere interes publikoaren aldekoa baita. Eta aurrerapauso garrantzitsua litzateke guztiok amesten dugun “normalizazioaren” bidean.

Anuncios

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión /  Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión /  Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión /  Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión /  Cambiar )

w

Conectando a %s