Botoa askatasunez

1.-     Hil honen 20an izango diren hauteskunde orokorretan parte hartzea planteatzerakoan, lehen galdera botoa ematearen baliagarritasunari buruzkoa da, hau da, ematen dugun botoak zerbaitetarako balioko duen ala ez. Betiere, kontuan izanik, aukera bera egiten duten beste batzuenarekin elkartzen den neurrian izango duela balio gutxiago edo gehiago. Norberak erabaki behar du, askatasunez, botoa eman edo ez. Baina ematea erabakitzen badu, botoa emateko eskubidearen egintza demokratikoa izango bada, beharrezkoa da, ezinbestean, askatasunez ematea. Hala izan ezean, elkarbizitza zibiko-politikoa sustraitik baliogabetua legoke. Ez litzateke elkarbizitza demokratikoa izango. Askatasunik gabe ez dago demokraziarik, atzetik nahi bezainbat kalifikagarri eransten badizkiogu ere.

2.-     Askatasuna giza existentziaren dimentsio konplexua da. Eta are gehiago askatasun hori gizarte testuinguru zehatz batean kokatzen bada. Askatasunaren kontrakoa indarrez behartzea da. Norbera ez da aske kanpotik behartutako aukera egiten badu. Gure artean esaten da, lehen ez bezala, orain, askatasunez mintza gaitezkeela edozein gizarte edo politika gairi buruz. Horren zergatia litzateke ETAk uko egin diola indarkeria armatuari eta, beraz, askatasunez joan gaitezkeela botoa ematera. Ez genuke ahaztu behar, ordea, euskal gizartearen parte garrantzitsu batek kolektibo batera jo behar izan duela bere alderdi politikoa legezkoa ez delako. Hori askatasunaren mugaketa garrantzizkoa da. Esan behar da, baita ere, gizarte presio indartsuak daudela, batez ere, politizazio handiko zenbait tokitan. Baldintza horietan, askatasun soziala lorpen adoretsua da.

         Baina bada beste askatasun bat gure nortasunaren dimentsio sakonagoak ukitzen dituena. Askatasunez jokatzeak hautatzeko aukera edukitzea eskatzen du. Hautatzen ez duenak ez du bere askatasuna erabiltzen. Horregatik, botoa askatasunez eman behar bada, beharrezkoa izango da norberak botoa ematea hautatzea, jakinaren gainean egonik bere esku dagoela ez ematea ere. Behin botoa ematea erabaki ondoren, nori eta zergatik eman erabaki beharko du, nolaz eta zuria ematea erabakitzen ez duen, hori ere bozkatzeko modua baita. Azkenik, erabakia benetan askea izango bada, kontuan izan beharko ditu jokatu duen bezala jokatzera eraman duten arrazoiak. Ez da arrazoizkoa pertsonak askatasunez botoa emateko eskubidea duela behin eta berriro aldarrikatzea, gero, zer egiten duen piperrik axola ez bazaio.

         Pertsonaren duintasuna honetan datza: bere konbikzioen arabera jokatzeko ahalmena izatea, uste izanik egiten duen hura dela biderik onena iritsi nahi duena lortzeko. Kasu honetan, “guztion ona” da helburu hori, erkidego osoaren ona, alegia.

3.- Alderdi bakoitzaren proiektu politikoa baloratzea zaila izan daitekeenez –aipatutako guztion on hori osatzen duten ertzak eta aldeak asko eta oso korapilatsuak izan daitezkeelako– arrazoizkoa izan daiteke norberari “konfiantza gehien” ematen dionari botoa ematea. Jarrera hori adierazten da honako hau diotenen artean: Nik? Betikoei. Jokabide hori zenbait alderdik edo pertsonak urteetan izan duten portaera dela-eta merezi dezaketen aginpide intelektual edo moralean oinarritzen da. Jokaera horrek, ordea, ez luke eragotzi behar norberak planteatzea ez ote dagoen inolako arrazoirik bere jarrera berriro pentsatzera eta une historiko honetan egokiena iruditzen zaion erabakia hartzera bultza dezakeenik.

         Botere publikoaren kudeaketak guztion onaren zerbitzuan egon behar du, hainbat balio etiko inspirazio iturri dituela: egia, justizia, askatasuna eta elkartasuna, hau da, herritarren arazo larrienei konponbidea emateko konpromisoa ezingo du inola ere saihestu. Guztion ona praktikan jartze horrek dimentsio etikoa du: pertsona guztien oinarrizko eskubideen aitortza eta errespetu eraginkorra. Pertsona bakoitzak egin behar du, bere kontzientziaren arabera, bere juzku etikoa. Pertsona bakoitzaren duintasuna dela-eta, pertsona horren erantzukizun etikoa ezin besterendu daitekeena da. Horrek ez luke eragotzi behar, juzku hori egiterakoan, fida daitekeen beste pertsona edo erakunde batzuen laguntza izatea. Hori da, esate baterako, katolikoen kasua, hauteskundeei buruz izan dezaketen portaera etikoaren barruan, aintzat hartu beharko baitute, existentziako hainbat alde indibidual eta kolektibori eta pertsonaren portaerari buruz Elizak duen doktrina etiko-morala.

4.-     Okerra litzateke esandako horretatik ondorioztatzea, Estatuko botereak bere egin eta guztiontzako arau juridiko lotesle bihurtu behar lukeela  Elizaren irakaskuntza etiko-moral guztia, hala portaera indibidualei nola sozialei dagokiena. Estatuak, inspiraziotzat erabili behar duen “zuhurtasun politikoa” egikarituz, herritarren portaerei buruzko arauak erabakitzen ditu, guztion ona lortzeko. Alderdi politikoek gai edo portaera indibidual edo sozial horien aurrean egiten dituzten aukeren askotarikotasuna izango da, oro har, herritar bakoitzak botoa emateko unean aurrean duen pluraltasuna osatzen duena. Askotarikotasun hori ez balego, ez legoke aukera pluraltasunik; kasu horretan, guztiek aukera berbera egin beharko bailukete.

         Horrek ez du oztopo izan behar, dena den, edozein pertsonak edo erakundek salatu dezan, Estatuko legeek baimentzen dituzten zenbait jokabideren izaera moral gabea, guztion onarekin estu lotutako hainbat erakunde ulertzeko moduarekin zerikusia duen perbertsio antinaturala, edota askatasunez botoa emateko eskubidean eragina izan dezaketen adierazpenak.

Anuncios

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión /  Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión /  Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión /  Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión /  Cambiar )

w

Conectando a %s