Bizikidetza, konpontzeke dagoen arazoa

Jaiotzen garenetik, elkarrekin biziz egiten gara pertsona. Amaren sabeletik hasita, familian eta auzoan, jolasean eta lanean. Eta elkarbizitza horretan adierazten da gizakiak eskain dezakeen onena eta txarrena: bizia ematearen handitasuna edota norberaren eta besteen bizia suntsitzearen doilorkeria. Kainen eta Abelen istorioa bizirik dago oraindik. Pertsona asko daude besteak zerbitzatzen saiatzen direnak, inguruan dituztenekiko elkartasunez haien bizi-baldintzak hobetzeko konpromisoa hartzen dutenak, besteen zorionaren alde ahalegintzen direnak. Baina badira hiltzerainoko gorrotoa elkarri dioten senideak ere, beren bikotekideak torturatzen dituztenak, haurrak esplotatzen dituztenak, bizitzeko gutxieneko bitartekoak ukatzen zaizkien errugabeak… Elkarrekin bizitzeak, hortaz, batzuek besteen –eta guztion– onuraren alde bizitzea esan nahi dezake, edo, ostera, batzuek besteen kontra bizitzea, batzuen zoriona besteen zorigaitzean oinarriturik.

Ez gara salbuespena. Gure soroan ere elkarrekin hazi dira garia eta iraka. Eta hemen ditugun gauza onak eta txarrak estu lotuta daude orain eta hemen elkarrekin bizi garen pertsona zehatzek egindakoei eta ez egindakoei. Egia da egindako erahilketen erantzukizuna ez litzatekeela gizarte orokor izengabe baten itsasoan urtu behar, ez eta indarkeria-egoera generiko bati egotzi ere. Portaera etiko onak eta txarrak pertsonek testuinguru zehatzen aurrean dituzten erreakzioen ondorio dira. Baina elkarbizitza positiboak aurrera egitea ez da erahiltzaileen hiltzeari uztearekin bakarrik lortuko. Auzian nahastuta dauden pertsona guztien inplikazioa eskatuko du: gehien sufritu zutenena eta, beldurragatik edo koldarkeriagatik, bidegabekerien biktima izan zirenei errukia ukatu zieten haiena ere bai, injustiziaren zuzeneko egilea edonor zela ere.

Esaten da “fase berri” batean gaudela. Berria da gure gizartearen borondate demokratikoa nagusitu delako eta beren ahalegin ankerrean amore eman dutelako garondoko tiroaren eta kare biziaren artean aukera egitera behartu nahi gintuztenek. Baina, “denbora berri” honetan ere, presio antolatua egiten zaigu mendeku amaigabea eskatzen dutenen alde (“ustel daitezela kartzelan”) edo beren herritarrak odol hotzean hil dituztenak “herriko heroi” gisa aldarrikatu nahi dituztenen alde lerra gaitezen. Tenaza krudel horrek harrapatuko ez bagaitu, beharrezkoa izango da herritar gehienak sendotasun etiko konprometituaren alde agertzea.

Demokrata ororen betebeharra da edozein pertsonari egindako bidegabekeriak salatzea. Zilegi izateaz gainera, ezinbestekoak dira duela gutxiko gure historia markatu duten bidegabekeriak ahaztu nahi ez dituzten, injustizia horientzat egia aitortzea galdatzen duten eta dagokien ordaina eskatzen duten ekimenak. Ez gara hutsetik hasten. Ildo horretan zenbat eta batasun eta elkartasun handiagoa lortu, hainbat eta zintzoagoa izango da elkarbizitza. Eta erakunde demokratikoek eta herritarren hainbat foro publikok gisa horretako ekimenak erraztu eta bideratu behar lituzkete eta eredugarri izan.

Aldiz, kalte egiten zaio elkarbizitza demokratikoari, gizarteari alde bateko bidegabekeriak soilik kontuan hartzeko eskatzen zaionean, edo zenbait pertsona, biktima izate hutsagatik, herritar eredugarri gisa aldarrikatzen direnean, edo, hori baino okerragoa, giza hilketak egin dituzten pertsonak edo haien laguntzaileak heroi gisa trata daitezela aldezten denean. Esparru guztietako erakunde demokratikoen betebeharra da hiru zepo horietako bakar batean ere ez erortzea, okerreko bidera baitaramate hirurek.

Gure gizartean badira gizarte-ekimenak, bide ona sustatu arren, erakunde eskudunen aldetik babesik jasotzen ez dutenak. Eta, era berean, badaude gorago aipatutako hiru zepoetakoren batera daramaten gizarte-ekimenak izanik, guztion interes demokratikoa aldeztu behar luketen erakundeek argi eta garbi sustatzen dituztenak.

Elkarbizitzaren hobekuntza ez dago goitik inposatzerik, aldiz, behetik landu beharreko zerbait da, proiektuak, pozak eta zorigaitzak partekatuz, eta bizi ditugunak bezalako une zailetan, dagoen lan urria eta krisi ekonomikoaren ondorio mingarriak guztion artean banatuz. Desadostasuna ezinbestekoa da elkarbizitzan, baina ezin da erabili gurekin bat ez datozenak suntsitzeko edo baztertzeko. Ez dago beste biderik denbora luzez elkarri bizkarra emanda bizi izan garenon artean edota armen indarra bidegabeki erabili edo babestu dutenekin batera elkarbizitza normalizatuan aurrera egiteko.
Hainbat hilketa egin dira, urte luzez, gure herrietan, eta tortura kasuak ere gehiegi izan dira. Estortsioa eta xantaia praktika zabalduak ziren. Horregatik guztiagatik behar da benetako terapia sendagarria, iraganeko zauriak sendatzeaz gainera, proiektu partekatu baten oinarriak jarriko dituena. Beharrezkoa da, orobat, erreferentzia gisa balioko duen kode etiko bat geure gain hartzea, auzoko, herriko, kaleko edo lantokiko elkarbizitza-harremanak hobetu daitezen, era guztietako adierazpen kultural eta ludikoetakoak barne direla. Gizarte-harremanak gertatzen diren eremu guztietakoak, alegia.

Anuncios

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión /  Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión /  Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión /  Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión /  Cambiar )

Conectando a %s