Europar Batasuna, guztion ondasuna

Norbaiti probokazioa irudituko zaio artikulu honen izenburua. Nola izan daiteke Europar Batasuna (EB) guztion ondasuna, bizi ditugun gaitz guztiak Europako politiken ondorio baldin badira, hainbat analistak, politikarik eta komunikabidek egunero gogorarazten diguten bezala?
Errealitatea, ordea, oso bestelakoa da, gure EBk, izan ere, ez die erantzuten Europaren Gurasoek 40ko hamarraldian sortu eta ia 70 urteotan indarrean mantendu ditugun itxaropenei. Ez du behar bezalako erritmoz aurrera egiten bere eraikuntzan, eta bizi ditugun desafio garrantzitsuei eraginkortasunez erantzutea eragozten duten gabezia larriak ditu. Min ematen digute, orobat, ahulenen kaltetan hartu izan diren zenbait erabaki politiko eta sozialek.

Zailtasun horien arrazoiak asko dira eta konplexutasun handikoak. Horietako zenbait nabarmenduko ditugu hemen.

EB, gaur egun, Estatu kideen batasuna da. Europar Batasunak egiten duen politika aipatzen dugunean, izatez, EB osatzen duten Estatuetako buruek hartutako erabakiez ari gara. Erabakiak Bruselan hartzen diren arren, erabakitzeko ahalmena Europako Kontseiluak baitu, hau da, Estatu kideetako gobernuen arduradunek. Zoritxarrez, hauek askoz gehiago kezkatzen dira beren herrialde barruko politikaz (ia-ia horretaz bakarrik) eta, gehiegitan, oso epe laburreko ikuspegia izaten dute. Han hartzen diren erabakiak, ia beti, beren herrialdean izango dituzten ondorioen araberakoak izan ohi dira. Gaizki ulertutako Estatu nazionalismo batean oinarritzen dira eta kaltegarria izaten da jokabide hori oraindik amaitzeke dagoen Europar Batasunaren eraikuntzari begira.

Europako bilera horietatik itzultzean, gutxitan entzuten ditugu horrelakoak: “Gobernuetako buruek gure herrialdearentzat –eta, ondorioz, herritarrentzat– sakrifizioak ekarriko dituen erabakiak hartu ditugu, baina urrats garrantzitsua izan da EB indartsuago eta eraginkorrago bati begira. Horixe baita erakundeetako arduradunok lehenesten dugun helburua, herritarron mesederako.” Aldiz, kasu gehienetan, gure herrialderako abantaila hau edo hura lortu izanaz harropuzten dira, jakina, gainerako herrialdeen eta Europar Batasunaren beraren kaltetan. Espainiako hainbat autopista, zubi edo portu Europatik etorritako laguntza eta finantzaketei esker eraiki dira. Baina gutxitan aitortzen da hori. Aldiz, krisiak zigortzen gaituen honetan jasaten ditugun murrizketa guztiak Bruselatik ezartzen zaizkigula iragartzen digute behin eta berriro, baina ez dute aitortzen hogeitaka urtetako gehiegizko zorpetze publikoa eta pribatua. Lortzen den on guztia Estatuko politikarien lan onaren fruitu da, eta txar guztia, berriz, Bruselatik dator.

Zer nahi dugu? Guztion Etxea izango dena ahaleginik edo sakrifiziorik onartu gabe eraikitzea? Estatuetako buru guztiak jakinaren gainean daude errealitatea zein den, baina oso gutxik arrazoitzen dute erkidego-espirituaren ikuspegitik. Estatuetako gobernu-buruen artean hain hedatuta dagoen pentsamolde horri eusten bazaio oso zaila izango da aurrera egitea benetako EB baten eraikuntzan.

Hala eta guztiz ere, garrantzi handiko urratsak eman dira: Europa lur jota eta zeharo hondatuta utzi zuen Bigarren Mundu Gerraren ostean, historiako ongizate maila onena iritsi da; euroa berme garrantzizkoa da finantza arloan; Giza Eskubideen Gutuna; EBko eskualde arteko elkartasuna; subsidiariotasun-printzipioaren onarpena, eta, batez ere, Europa barruan gerrarik gabe bizi izan dugun historiako aldirik luzeena. Ukatu ezin diren pausoak dira, baina nahikoa ez, oraindik. Europar Batasunaren egungo egiturak ez du bide ematen Europa mailan benetako demokrazia egikaritzeko; ez du kudeaketa eraginkorrik ahalbidetzen eta etorkizunean existitzea ere ez du bermatzen.

Europako Parlamentuak lortu du eskumen gehiago izatea, beste batzuen artean, Europako Batzordeko Lehendakariaren izendapenean zuzenean esku hartzea. Baina ez dugu benetako Europako gobernurik, ez-eta Batasun guztian bozkatze unibertsalez hautatutako Lehendakaririk ere. Garrantzi handiko auziak direnean, Estatu kideetako buruek hartzen dituzte erabakiak, aho batez, Europako Kontseiluan. Estatu bakar batek, txikia izan arren, funtsezko auziak blokea ditzake. Horregatik luzatzen dira eztabaidak amaigabe bihurtzeraino eta egoera ahulean geratzen da EB, munduko gainerako potentzien aurrean.

EB federala izango da edo desagertzera kondenaturik dago, lehenago edo geroago. Ez da posible eredu hain ez-ohiko batekin aurrera egitea. Estatu kideek Europar Batasunari eskumenak transferitzea onartu beharko dute, postura partikularistak alde batera utzita. Estatuek jakin behar lukete, beren itsumen nazionalistaren kariaz EB ahularazten jarraitzen badute, haren bideragarritasuna ukatzeraino, orain baino askoz burujabetasun gutxiago izango dutela AEB, Errusia edo Txina bezalako potentzien aurrean.

Horregatik, oinezko herritarrok adoretu egin behar genituzke arduradun politikoak (eta galdatu ere bai) Europar Batasunaren integrazio instituzional, ekonomiko, sozial, kultural eta politikoaren bidetik aurrera egiten lagun dezaten, benetako Europa Federal baterantz. Europa horrek barruko desberdintasunak errespetatu beharko ditu, subsidiariotasun-printzipioa aplikatuko beharko du eta Europaren Gurasoen hasierako proiektuaren goiburuan zeuden printzipio humanistetan oinarritu beharko luke. Hurrengo maiatzean, botoa emateko aukera izango dugu Europako Parlamentu berria osatuko duten hauteskundeetan. Esandako horrek izan behar luke irizpideetako bat, garrantzitsuena agian, aukera politiko baten edo bestearen alde egiteko orduan.

Anuncios

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión /  Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión /  Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión /  Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión /  Cambiar )

Conectando a %s