Barbaroak ala XXI. mendeko esklaboak?

1.- Ohitu egin gara, zoritxarrez, komunikabideetan eta prentsan ikustera zenbat etorkin galdu diren europar kontinentera iristeko ahaleginetan. Datu ofizialen arabera, azken hamar urteotan, 25.000 pertsonatik gora hil dira. Haietako asko hotzez, gosez, egarriz,.. edo itsasoan itota. Arazo ikaragarri hori hurbiletik jarraitzen dutenen iritzian, gainera, zifra horiek oso laburrak dira oraindik.

Sarri justifikatzen ditugu gertaera horiek ondoko hauen gisako esaldiekin: “Gure ogia kentzera datozkigu”, “Gizarte laguntza guztiak horientzat dira”, “Herritarren segurtasuna kolokan jartzen dute”, “Mugak sendotu beharra dago, terrorismoaren eta delinkuentzia antolatuaren aurka borrokatzeko, …”

2.- Egia da immigrazioa arazo larria dela eta alderdi oso desberdinak hartzen dituela barnean: arlo politikoa, kulturala, legeari dagokiona, lan arloa, etab. Gure gaurko gogoetak, batez ere, giza arazoari jarriko dio arreta, pertsona bakoitzari dagozkion ezin bortxatuzko eskubideen errespetua ardatz hartuta.

Arauak eta lege-prozedurak beharrezkoak dira herrialdeen arteko pertsona mugimenduak arautzeko eta gerta litezkeen abusuak ekiditeko, halakoak ere gertatzen baitira, baina horrek ez lituzke murriztu behar giza eskubide funtsezkoenak, nola diren, bizitzeko eskubidea eta joan-etorriak askatasunez egitekoa. Ezin dezakegu ahaztu zifra hotzen, legeen eta harrera- edo kanporatze-prozeduren gainetik, hezur eta haragizko pertsonak direla, guk bezalaxe sufritzen eta gozatzen dutenak. Eta kontuan izan behar dugu, bestalde, pertsona horien premia daukagula hainbat lanetarako, askotan, immigrazioak dakartzan abantaila ekonomikoak dezentez handiagoak izaten baitira haien kostua eta mantentze-gastuak baino, nahiz eta harrera horrek, batzuetan, gure erosotasun batzuei uko egitea ekar lezakeen.

3.- Ohartu behar genuke, nolanahi ere, gure pentsatzeko eta jokatzeko moduen artean dauden kontraesan sakonez. Hainbeste laudatzen ditugun eta hain harro sentiarazten gaituzten balio horiek, gero, oinpean uzten ditugu gure jokabideen eta axolagabekeriaren erruz; hori bai, ahoa justizia hitzarekin betetzen zaigu. Edo gu edo haiek. Gure pentsamoldea, gure burges txikien beldurrak azaleratzen dira, aurpegirik gabekoen esperantzari, bizitzeko hain gutxi dutenei aurre egiteko. Hala ere, “inbadituak” gu garela pentsatzen dugu, haiek direla “inbaditzaileak”, “barbaroak”. Beldurrez zamatutako gizarte bilakatu da gurea, eta hori baino okerragoa, sentiberatasuna galdu dugu ahulenen premiekiko.

Lotsa-gorritzekoa da teknologiak eta transakzio ekonomikoek mugitzeko askatasun handiagoa izatea pertsonek baino. Europa askatasunaren, zuzentasunaren eta justiziaren sinonimo dela esatea, gutxienez ere, zalantzan jartzekoa da.

Kulturaren, politikaren eta ekonomiaren ikuspegitik askatasunari hormak eta alanbre-hesiak jartzea soluzio faltsua eta burugabekeria politiko hutsa da, baina, beste guztiaren gainetik, ongizatearen gizarte honetan –krisi ekonomikoa gorabehera– bizi garen pertsona guztion giza kontzientziari egiten dio aldarri, hau da, gure bizimodua errebisatzera behartzen gaitu, elkartasunari bizkar emanda bizi baikara askotan.

Ez genituzke ahaztu behar esanahi sakoneko Bibliako hitz haiek: “Nire aita ere aramear alderrai bat zen; Egiptora joan zen eta, gainerakoekin batera, nazio handi eta oparo bat sortu zuen han …”.

Anuncios

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión /  Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión /  Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión /  Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión /  Cambiar )

w

Conectando a %s