Oraindik elkarrekin bizi ezinik?

1.- Atentatu hilgarriz, mehatxuz, atxiloketa masiboz eta konfrontazio politiko suntsigarriz jositako aldi luze baten ondoren, uzkurtasuna eta errezeloa nagusitzen dira jendearen kontzientzian: askatasunez hitz egiteko beldurra dago. Posturak muturrera eraman dira eta zaila egiten da elkar ulertzea. Laguna edo etsaia. Nirekin edo nire kontra. Indarkeria politiko ororen logika da.

Frankismoaren garaian eta trantsizioko urte luzeetan, traumatikoki bizi izan genuen esperientzia hori. Ohikoak ziren, orduan, tankera honetako esaldiak: “Ez itzazu zenbait gai edozeinen aurrean aipatu…”, “Hobe isilik geratzea…” “Kontuz gero!,…” Egoera hori, pixkanaka, hobetuz joan da, eta bai instituzioak eta bai bizitza politikoa Europako beste herrialde batzuetako printzipio demokratikoekin harmonizatuz joan dira.

Euskal Herrian, era berezian bizi izan dugu fenomeno hori, ETAren borroka armatuaren esperientzia traumatikoa zela medio. Hainbeste atentatu bidegabe eta odoltsuk, eta haiek eragiten zituzten erreakzioek, metatuz joan ahala, larriki hondatu dute pertsonen arteko bizikidetza. Egia baldin bada ere ETAk indarkeria utzi izanakdenbora berribatean sartu gaituela, bizi izandako egoerak euskal gizarteko geruza barnekoenetan izan du eragina. Denbora luzez bizi izandako sufrimenduaren arrastoak ez dira desagertu. Indarrean dago oraindik, leku batzuetan, askatasunez mintzatzea eragozten duen halako fidagaiztasun sentsazio bat.

2.- Legea urratzearen beldurrarekin batera, askatasunez eta zintzotasunez hitz egiteko errezelo agerikoa du jendeak. Mespretxuaren, kalumnia politikoaren beldurra da, edo norberaren izena, edozein momentutan, plaza publikoan agertuko den mehatxuaren izua. Giro batzuetan iritzi desberdina izatea, markatuta geratzea da. Eta horrek komunikazio zintzoa eta tolesgabea eragozten du. Mesfidantza arazo larriak gertatzen dira eta beharrezkoa da keinu eta konpromiso zehatzak hartzea bizikidetza normalizatu batean aurrera egiteko. Isiltasunaren prezioa ordaintzen dugu “bizikidetza eramangarri” baten truk. Errealitate triste hori, gainditzen ari bagara ere, pertsona askok jasaten dute oraindik. Esaten da, lasai bizitzeko, beharrezkoa dela ingurune sozio-politikoarekin ongi konpontzea. Bestela, erdeinu zitalenaren biktima izan zaitezke. Oraindik ez da erraza zenbait alderditako militante izatea. Ez-eta norberaren ingurunean beste iritzi batekoa izatea ere. Barneratutako errezelo horrek paralizatu egiten du eginbide publikoa eta bizitza pribatura baitaratzen ditu hartarako gogoa izan lezaketenak, sinestarazten baitie onena “ezertan ez sartzea dela”. Urte luzez zabaldu da gizartean tentuz hitz egiteko ohitura, eta elkarri errezeloz begiratzekoa. Isiltasunaren lege horrek sorgortu egin du jendearen sentiberatasuna eta pertsona gisa okerragoak egiten gaituen degradazio moral bat ekarri du.

Begi-bistakoa da jende prestu askok uko egiten diola konpromiso publikoari, bere askatasuna galtzeko edo seinalatua izateko beldurrez. Napoleonek esana omen da: “politikarik onena libre ez diren pertsonei libre direla sinetsaraztea da”.

3.- Elkarbizitza tolesgabe eta zintzo bat eraikitzeak denbora, ahalegina eta zintzotasuna eskatzen ditu. Egiten diren urrats guztiak baloratu behar dira, baina konpromiso publikoa eta esplizitua galdatu behar zaie bere momentuan borroka armatua sostengatu zutenei.

ETAren indarkeriaren amaierak egindako gaitzaren aitortza eskatzen du, biktima guztiei, ahal den neurrian, ordaina ematea, salbuespenezko kartzela-politika zigortzaile horri amaiera ematea, eta etorkizun adostu bat planifikatzea. Iraganaren balorazioan bat ez etortzeak ezin dezake eragotzi gutxieneko betekizun etiko batzuk adostea elkarrekin lan egiteko. Hitzartzeak eta amore emateak ez du bidegabekeria onartzea esan nahi, baizik eta ezinezko dirudiena posible egitea. Euskal gizartearen gehiengo handi batek galdatzen du. Hau ez da, inondik ere, “berdinketa tekniko” bat. Etorkizuna eraikitzea da justiziaren monopoliorik gabe.

Ez dira onargarriak ez etengabeko salaketa eta gorrotoa, ez-eta iraganeko erantzukizuna aitortu nahi ez duenaren ahanztura konplizea ere.

Gure artean, bada urrutiko iragan bat, frankismoa; baina bada, orobat, frankismo oste hurbilagoko bat ere, dirudienez, ahaztu nahi duguna. Biak ari dira gure harreman politikoak baldintzatzen eta ezin daitezke berrinterpretatu, aintzat hartu gabe utzi edo ahanzturara baztertu. “Zerbait gertatu zen… baina hainbeste denbora igaro da ordutik…, auskalo zer den egia”. Nahitako ahanzturaren bidegabekeria da. Kontua ez da ahaztu ezin daitekeena ahaztea, baizik eta etorkizunari itxaropenez begiratzeko ahalmena berreskuratzea. Horixe da Oroimenaren Institutuaren betekizuna.

Birloratze etiko baten premian gaude, dibertsitatea onartzen lagun diezagun desberdinari beldurrik izan gabe. Ildo horretan, alderdiek erakutsi behar ligukete bidea herritarroi, eta norberaren posizio politikoa eta aurkariaren etengabeko deskalifikazioa bereizi behar lituzkete. “Kode Etiko” bat behar dugu, pertsonek eta instituzioek beren gain hartuko dutena, eguneroko bizimodua blaituko duena eta festetan, kultur ekitaldietan, kirol lehiaketetan eta elkarren arteko lankidetzaren fruitu diren beste hainbat ekintzatan aplikatu beharko dena. Ezer gutxitarako balio dute alderdien arteko akordioek, foroek, biltzarrek edo adierazpen publikoek, gero ez bagara praktikan jartzeko kapaz.

Anuncios

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión /  Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión /  Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión /  Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión /  Cambiar )

w

Conectando a %s