Bizikidetza: hitzetatik egiteetara

Gure azkeneko idatziaren amaieran genion ezinbestekoa dugula kode etiko bat, guztiok onartuko duguna. Kode horrek exijentzia praktiko bat izan behar du eguneroko bizimodurako, elkarbizitza egonkor bat ahalbidetuko duten gutxieneko betebehar batzuk. Pertsona, talde eta erakunde asko dira horixe bera eskatzen dutenak. Alferrikakoa al da berriro eskatzea? Ez, ez da alferrik. Bizikidetza ez da berez datorren zerbait, kosta egiten da. Egin beharreko zerbait da. Egunez egun, urratsez urrats eraikitzen da.

Bizikidetza ez da erraza, eta are gutxiago gure gizartean, iragan odoltsuak baldintzatuta baitago oraindik. Idealizatu egiten dugu bizikidetza boluntarismoan oinarriturik, amore emateak eta sakrifizioak eskatzen dizkiegu pertsona zintzoenei, eta, bien bitartean, ez diogu aurre egiten gezurrari, zinismoari eta manipulazio interesatuari. Horregatik da beharrezkoa hainbeste aldiz eskatu izan den gutxieneko kode etiko hori, sarri oinpean darabilgun horixe bera.

Mota guztietako giza harremanetan, direla banakakoak edo taldekoak, beti daude, bizitzaren aurrean, hauteskundeak irabaztea edo galtzea, kanpaina bat menderatzea, izen ona edo botere ekonomikoa eskuratzea, edo indarrez besteak azpiratzea baino garrantzi handiagoko balioak eta posturak. Elkarbizitza baketsua eta demokratikoa elkar ulertzetik sortzen da, askatasunez elkar hartzetik. Are gehiago. Horrelako bizikidetza baten alde lan egiteko –gutxieneko arau batzuk eta besteen eskubideak errespetatuz– beharrezkoa da zerbaitetan “amore ematea” bestearen mesedetan. “Zerbaitetan makurtzen naiz, zuk irabaz dezazun. Horrela guztiok irabazten dugu”. Ideia horrek nagusitu behar luke Bakearen aldeko Txostenean, herriaren ahalegin kolektiboan dugun itxaropena sendotuko litzateke horrela.

Ezinezkoa da bizikidetza egonkor eta baketsu bat lortzea gizakion arteko harremanak borroka edo lehiaketa soil modura ulertzen badira. Irabazi egin behar da beti. Eta garaituari ez zaio urik ere opa. Horrela ez dago herri baten parte sentitzeko beharrezkoa den espazioa sortzerik, edo haren barruan solidario izaterik.

Desberdinak gara eta, askotan, ez dago desadostasunak ekiditerik. Baina herri bat eraiki nahi badugu ezin ditugu ahaztu elkarretaratze hori ahalbidetzen duten elementu sozial, kultural eta etiko erkideak. Etengabeko aurrez aurrekoak eta liskarrak, pertsonen edo herri ondasunen aurkako erasoak errotik erauzten ez badira, ezingo da ezer eraiki.

Gizarte baketsu eta demokratiko batean elkarrekin bizitzea ez da toki berean bizitzea bakarrik. Leku berean bizi daiteke harremanik izan gabe. Elkarrekin bizitzea pertsonei dagokien zerbait da, proiektu erkide batean elkarri eraginez jardutea, desberdintasuna errespetatuz. Elkarrekin bizitzea bestea toleratzea baino askoz gehiago da.

Bizikidetza eta bakea ez dago indarrez eta gogorrenaren legez inposatzerik. Ez dira nahastu behar, era berean, gizarte-segurtasunarekin eta ordena publikoarekin. Errealitate horiek beharrezkoak dira, baina bizikidetza baketsua askoz harago doa, eta gezurra eta mendekua errefusatzeaz gainera, gizarte-justizia gauzatzea eskatzen du.

Egiazko joko politikoa ezin da izan aurkariari duintasuna eta zintzotasuna eskatzea eta, jarraian, aurkari horri berari etsaiarekin kolaboratzea eta mota guztietako txarkeriak leporatzea. Bizi izandako esperientzia garratz eta tristearen ondoren, behar-beharrezkoa da gizarte-ehuna bere onera ekartzea eta giza harremanak berreskuratzea. Horrek gizartean adostutako balio batzuekiko leialtasuna ez ezik, haiek betetzeko zintzotasuna eta konpromisoa eskatzen ditu. Eta oraindik ez dugu halakorik ikusten.

Adiskidetzeaz ere hitz egiten da, eta idatzi ere asko egin da, baina adiskidetzea su moteleko egoskaria da, beti da konplikatua eta inoiz ez behin betikoa. Bidegabekeriaren eragileak berreskuratzea eta gizarte-bizitzara ekartzea eskatzen du. Horrela izan ezean, ez dago adiskidetzeaz mintzatzerik. Eta egindako gaitz bidegabearen aitortzarik ez dagoen artean, oso zaila izango da adiskidetzea. Nolanahi ere, iraganaren balorazioan adostasunik ez egoteak ez luke eragotzi behar etorkizunean elkarrekin lan egitea, indarkeria terrorista arma politiko gisa erabiltzea argi eta garbi errefusatzen dela oinarri hartuta. Eztabaida politikoak beste bide batzuk izan behar ditu.

Bide horretan, presente egon behar dute beti terrorismoaren biktimak. Pertsonen duintasuna hain larriki kaltetu denean, koldarkeria hutsa da neutraltasunean eta anbiguotasunean babestea. Gure iragana ez dago oraindik sendatuta. Pisu handiko harlauza da oraindik. Gure arteko elkarbizitzak egiarekin eta gertatuari buruzko balorazioarekin koherente izatea eskatzen du, haiek konpondu eta ordaindu nahi izatea, eta gaizki-esanak, laidoak eta doako irainak behingoz alde batera uzteko borondate irmoa, hala komunikabideetan nola kalean eta herriko plazan. Igaro beharra dago, hortaz, hitzetatik egiteetara.

Anuncios

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión /  Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión /  Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión /  Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión /  Cambiar )

Conectando a %s