Zoru etiko erkidea eta bakea

1.- Bake soziala funtsezkoa da gizarte jakin batean bizi diren pertsonen duintasunari dagokion bizikidetza lortu nahi bada. Ez dago giza existentzia irudikatzerik gutxieneko eskakizun etiko batzuen fruitu den bakerik gabe. Eskakizun horiez ari gara zoru etikoa deituan oinarritutako gizartea aipatzen dugunean. Hain zuzen ere, zoru etiko horren falta da elkarbizitza baketsu sendo bat ez izatearen arrazoi nagusietako bat.


Ikuspegi horretatik, ETAren eta talde estatal edo paraestatalen indarkeria, helburu jakin batzuk erdiesteko erabili zutena, ez zatekeen existituko eskakizun etiko oinarrizkoenak errespetatu izan balira, hala nola giza eskubideekiko begirunea eta, zehatzago esanda, eraildako pertsona errugabeen biziarekiko errespetua.

Baina, arrazoibide berari eutsiz esan daiteke horrenbeste hilketa eta bidegabekeria eragin zituen indarkeriaren amaiera ez zela hura arbuiatzen duten printzipio etikoei leial izateagatik etorri. Eskakizun horiez kanpoko beste arrazoi batzuengatik iritsi zen, hau da, eraginkortasun politikoagatik edota estrategia eta taktika politikoek halaxe eskatzen zutelako.

2.- Beraz, gaur gaitzesten dugun indarkeriaren amaiera ekarri zuten arrazoiak etikoak izan ez baziren, baizik eta estrategikoak eta taktikoak, zilegi izango da galdetzea ea zer neurritaraino den fidatzekoa, bai orainaldian eta bai etorkizunean, gaur aldarrikatzen diren betebehar etiko horietara jotzea. Ez da zentzurik gabeko gogoeta bat. “Gaur” desio dugun bake egoera lortzera zuzendutako ahalegin pertsonalean eta kolektiboan, “atzo” existitu ez zen motibazio etikoan jartzen badugu itxaropena, zoru etikoa deitzen diegun printzipio etiko horietara jotzearen oinarria eta sendotasuna balioetsi beharko ditugu. Eta balioetsi beharrekoak izango dira, halaber, betebehar etiko horiek ez onartzeak etorkizunerako ekar litzakeen ondorioak.

Ez dugu ahaztu behar indarkeria bidegabe horren subjektu aktiboak, gizeraileak, bai ETAkoak eta bai Estatuko errepresio-aparatuetakoak, arrazoi etikoengatik gure gaitzespena merezi duten horiexek, populazioaren sektore zabaletan, bai haien ideologiagatik eta bai burutu zituzten ekintzengatik, benetako heroitzat, ideal baten alde beren bizitza eskaini zuten abertzaletzat hartzen dituztela. Eta hori zoru etikoa eratzen duten eskakizun etikoen argitara legokiekeen gaitzespenaren guztiz kontrakoa da.

3.- Benetako baketzeak hitz soil batzuk onartzea baino zerbait gehiago eskatzen du, batzuetan, onarpen hori ez baitator bat onartzen dutela diotenen errealitatearekin, zoru etikoaren eskakizunekin bateraezinak diren sentimenduak eta uste sendoak mantentzen dituzten neurrian. Egitateen egia historikoa balioestea, egindako kalte bidegabea aitortzea, kalte horren ordaina ematea eta etorkizunean bide baketsuak soilik erabiltzeko konpromisoaz gainera, badaude beste posizio batzuk, gure iritzian, behar bezainbateko sendotasunik ez dutenak giza eskubideen errespetu eraginkorra bermatzeko.

Errealitate honen aurrean, har daiteke, ordea, beste bide bat. Hain zuzen ere, oinarri etiko erkide horren aldarrikapenean, jada existitzen den errealitatea ez bada ere, gizarte baten garrasia edo deia ikusteko borondate zintzoa dutenena, gizarteak, pairatutako sufrimendu sozialaren esperientzia latz eta larriaren ondoren, bakera heltzeko bide eraginkorrak bilatzen baititu, indarkeria bidegabetik eta haren ondorioetatik eratorritako iluntasuna argi eta garbi errefusatzen duela.

Bakea behar dugu oraindik bake faltaren esperientzia berri-berria daukan gizarte honetan bizitzeko. Baina, agian, are gehiago behar dugu politikoki guk bezala pentsatzen edo sentitzen ez dutenek, eduki ditzaketen planteamendu eta estrategia politikoen gainetik, egiaz bakea nahi dutela ikusteak ematen duen konfiantza. Adierazi egin behar da borondate hori. Esan egin behar dugu, egiaz, bakean bizitzeko borondatea dugula, baita norberaren estrategia politikoen gainetik ere, estrategia horietan, lekua egon baitaiteke oraindik “indarkeriaren” eraginkortasuna onartzeko, pertsonei eta haien eskubideei zor zaien errespetuaren gainetik.

Ez da alferrikakoa gogora ekartzea bizikidetza baketsuaren lorpena, izatekotan, hezkuntzaren eta gizarteak sustatu beharreko praktika politikoaren fruitu eta emaitza izango dela. Hezkuntza hori, nolanahi ere, ez luke alderdiek gazteei inposatutako “doktrinatze” soil batera mugatu behar, zoru etiko erkidea bermatu behar luketen eskakizun etikoak alde batera utzita.

Anuncios

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión /  Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión /  Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión /  Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión /  Cambiar )

w

Conectando a %s