Bakea eraiki behar dugu, beste norabait begiratu gabe

Eguberri inguru honetan biktimak eta presoak gogoratzeko egiten diren omenaldi, oroitzapen, prentsaurreko eta kartelen ugaritasunak erakusten digu beharrezkoa dela horien guztien oinazea gure egitea, inor ahaztu gabe, eta nor den edo zergatien arabera sailkatu gabe, minak ez baitu kolorerik.

Sufrimenduaren esperientzia erkideak astindutako pertsona horiei guztiei buruzko horrenbeste aitormen-ekitaldi batera gertatzeak, zeinahi justifikazio-modutatik haratago, “Euskal Herriko gatazka terrorista” deitu izan zaion horren ondorioen irudi egiazkoa eta tristea adierazten du.

Adierazpen horiek guztiek gizartean dauden giro eta sentiberatasun desberdinen arteko zatiketaren eta ñabardura-konplexutasunaren nolabaiteko ispilua osatzen dute, elkar ulertu ezinak eta, askotan, gorrotoak urruntzen baititu batzuek eta besteak. Kontua ez da delituak eta presoak, biktimak eta borreroak, guztiak parekatu eta maila berean jartzea. Ez-eta hilketak, aurrez pentsatu eta planifikatutako mehatxuak edota estalitako torturak ahaztea ere. Ez, oroimen egiatia jarri nahi da guztiaren erdian, eta justizia aldarrikatu, pertsona gaiztratatuen balio ezin besterendua, biktima bidegabe gisa dagokien duintasuna, haien oinazearekiko elkartasuna, errentagarritasun politikoak eta balioespen alderdikoiak bazterrera utzita.

Ez dago bakea eraikitzerik beste norabait begiratuz eta “neureak” soilik gogoan izanez. ETAren bidegabekerien aitortza eta ordaina ETAri eta hura sostengatu eta justifikatu dutenei dagokie. Era berean, Estatuaren egitekoa da haren erantzukizun politikoari dagozkion bidegabekeriak aitortzea eta ordaintzea. Hitzez giza eskubideen alde agertzea eta eskubide horien urraketa zehatzak ez gaitzestea faltsukeria hutsa da, onestasun falta politikoaren adibide argi bat, nornahik egiten duela ere.

Zigor-legeak leuntzearen kontra egotea edo poliziaren gehiegikeriak ukatzea ez dira lagungarri, inondik ere, gizarte-harremanak baketu eta normalizatu daitezen. Gauza bera esan daiteke azken hamarraldiotan gure herrietan mespretxua, izua eta beldurra ezarri duten pertsona eta taldeen aldeko hitzaldi, omenaldi eta manifestazioetarako alde bakarreko deialdiez ere.

Autokritika eginez ametitu behar dugu “heroiak eta abertzaleak” beti “gureak” izan behar hori. Tristurak goibeltzen gaitu ikusten dugunean postura horiek guztiek elkar elikatzen dutela, mila aldiz errepikatzen diren eta inora ez daramaten purrustadak eta erantzukiak tarteko direla. Ezin dugu beste norabait begiratu gure herriak urte luzez bizi izan duen tragediari ez-ikusia eginez. Bihotz-gogortasunaren eta koldarkeriaren seinale da. Horrek erakusten du zeinen urrun gauden oraindik bizikidetza normalizatu batetik.

Adierazgarria da, bestalde, zer nolako gutxiespenez eta axolagabetasunez hartu dituzten batzuek, azken hilabeteotan, kartzelatik ateratzeko baliatu diren zenbait lege-zirrikitu eta presoei ezarritako zigorrak arintzeko beste zenbait urrats. Arrazoi osoz salatzen da Estatuaren zikoizkeria kartzela-politikari dagokionez. Bestalde, ordea, interpretatzen da, legeak eskatzen duena betetzea makurtzea eta amore ematea dela, preso horien ibilbidean. Horregatik, presoen sakabanaketa eta gizarteratzea oraindik ebazteke dagoen auzia da. Zalantzarik gabe aldezten dugu arazo honen bidezko humanizazioari begira egiten den aurrerapen oro. Deskalifikazioak soberan daude, eta are gehiago legeak eskaintzen dizkien aukerak baliaturik beren egoera hobetzen saiatzen direnei aplikatzen zaizkien “kalitate demokratiko” jakin bateko ziurtagiri horiek. Presoen oinazea ezin daiteke, inola ere, balioespen sektario eta politikoki interesatu horien truke-txanpon izan.

Arlo ekonomikoan, sozialean eta politikoan ere gizartea, arrazoi osoz, leporaino eginda dago horrenbeste ustelkeriaz, kontu faltsuz eta benetakotasun faltaz. Baina, era berean, ez du oraindik ulertzen eta bere gain hartzen, irtenbide desberdinak planteatu beharko badira ere, indarkeriaren oinazea, adierazpen batekoa edo bestekoa izan, beti dela errespetagarria, batez ere, maite zuten norbait galdu duten pertsonen kasuan. Horregatik, sufritzen dutenen figura guztiaren erdian jartzen ez duen edozein adierazpen edo aldarrikapen publiko alferrikako urratsa da bakea eta hondatutako gizarte-sarea berreraikitzeko. Bere iragana ahazten edo faltsutzen duen herrialde batek tragedia errepikatzeko joera izan dezake. Pertsona orori zor zaizkion eskubideen errespetua goiburu hartuta, ezin da inoiz saihestu egindako bidegabekeria, hura ezkutatuz edo “beste norabait begiratuz”, benetan gertatutakoa egiaztatu behar denean.

Lehenbailehen heltzea nahi genuke “albora begiratzeari” uzteko unea eta, pentsamolde desberdin guztiz legitimoen gainetik, gertatukoaren egia eztabaidaezina onartzea eta aurrera begiratzea, guztiok norabide berean. Elkarbizitza gauza xumeen bitartez eraikitzen da, espazio txikietan, gizarte harremanak trinkoagoak eta hurbilagokoak diren tokietan. Hori da gizarte berritu bat eraikitzeko modua.

Anuncios

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión /  Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión /  Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión /  Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión /  Cambiar )

Conectando a %s