Absolutua al da adierazpen-askatasunaren eskubidea?

1. Duela egun batzuk, hamabosten bat gutxi gorabehera, hogei pertsona hil dira mugakide dugun Frantziako estatuan, indarkeria armatuaren ondorioz. Hogei horietatik hamazazpi populazio ia osoak bidegabetzat jotzen duen indarkeria mota baten kariaz erori dira. Ahobatezkotasun horretatik kanpo geratzen dira, jakina, beren aurkako bidegabekeria bategatik irainduta sentiturik, egin zutena egitea zilegi zela uste zuen giza talde txiki bateko kideak. Kontrara, bortizki erasoa izan den gehiengo horrek zilegi irizten dio, segur aski, hiru gaizkileen aurka heriotza eragiterainoko indarkeria erabiltzeari. Ezin dugu ahaztu, gertatuaren harira, heriotzara heltzerainoko indarkeria erabiltzearen materialtasun berbera dela, kasu batean, gaitzespen etikoa eta politikoa merezi duena eta, bestean, gizatasunaren ikuspegitik deitoragarria iritzi arren, etikaren eta politikaren perspektibatik onargarri ikusten dena.

Ikuspegi sozio-politiko batetik, gaingiroki deskribatu diren gertakari horiek, eta ez motiborik gabe, uka ezinezko alarma eta asaldura eragin dute. Giza erailketa horiek, izan ere, berez eta beste gabe guztiz larriak izateaz gainera, bizi garen gizarte osoarengan dute eragina. Eta ez bakarrik hildakoen “auzotar” edo “senide” garen neurrian, baizik eta adierazpen-askatasunerako eskubidea erabiltzeagatik erailak izan diren pertsona horien erkidegoko kideak garelako. Nolanahi ere, esperientzia kolektibo honek sentikorrago egiten gaitu, gure mundu honetan, jarduera bidegabeak direla medio gertatzen diren hainbat eta hainbat bortxazko heriotzen errealitate dramatikoaren aurrean eta, era berean, kontzientzia hartzen lagun diezaguke.

2. Indarkeria justiziaz erabiltzeko eskubidea aldarrikatzeak eta, horri kontrajarririk, indarkeriaren erabilera bidegabea salatzeak giza eskubideen bateragarritasun edo bateragarritasun ezaren gai korapilatsua jartzen digute mahai gainean, hau da, giza eskubide absolutuen existentzia posible ote den ala ez. Halaxe da, gaitzesten ditugun erailketa horien “bidegabekeria” norberaren iritziaren adierazpen askerako eskubide ustez absolutu eta besterenezina –zehatzago esanda, kritikatzeko eskubide absolutua– bortxatzetik edo ez onartzetik eratorriko litzateke. Beste hitz batzuekin esanda, erailketa horiek gaitzesteko arrazoia litzateke “jihadista” fanatiko batzuek errotik bortxatu edo ukatu dutela pertsona orok bere ideiak eta pentsamenduak jendaurrean askatasunez adierazteko duen eskubide absolutua, adierazpen horiek besteentzat zeinahi ondorio dituztela ere. Horrela bada, eskubide hori indarkeriaren bidez eragoztea edo mugatzea oinarrizko eskubide absolutu eta besterenezin baten kontrako atentatua litzateke. Are gehiago, esandako erailketak mendeku edo zapalkuntza asmoz gauzatu baldin badira. Zer esan horri buruz?

Ezeren aurretik esan behar da direlako oinarrizko giza eskubide absolutuak ez direla existitzen, edo, behintzat, norberak sentitzen, pentsatzen edo nahi duena publikoki adierazteko eskubidea ez dela absolutua, ustezko oinarrizko eskubide hori beste batzuen oinarrizko eskubideekin gatazkan egon daitekeen neurrian. Giza eskubideek, edozein direla ere, ezin bereizizko dimentsio soziala dute; beren izaera dela eta, ezinbestekoa dute besteekiko erlazioa, pertsona guztiak eta bakoitza zaintzea eta aldeztea dute helburu. Giza eskubideek ezin dituzte aintzat hartu gabe utzi beste pertsona batzuen eskubideak, haiek ere eskubidedun baitira. “Besteekiko” erlazio hori gabe galdu egingo lukete eskubide izaera. Eskubideak, ezinbestean, “besteekiko” erlazioa zehazten du, bai nire eskubidea edo bai besteena aintzat hartzen denean. “Bestetasun” erlazio horrek ezinezkoa egiten du norberaren eskubideak absolutuak izatea, gure eskubideen eta besteenen artean inolako baldintza-mendekotasunik ez balego bezala. Eta bestetasun horrek, nahitaez, mugaketa moduren bat ekarriko du berarekin.

3. Bistakoa da indarkeria eta erailketa erabiltzea, baita gizarteak babestu behar lituzkeen eskubideak larriki erasotzen dituen adierazpen-askatasun pertsonal edo kolektiboa ekiditeko ere, guztiz gaitzesgarria dela. Gaizkile jihadistek delitu larriak egin zituzten, eta gizarteak, haiek eragozteko gai izan ez denez, delitu haiek jazarri eta zigortu beharko ditu, ondasun erkidea aldezteko eta, azkenik, etorkizunean bidegabeki kaltetuak edo erailak izan daitezkeen pertsonen defentsan. Baina horrek ez du esan nahi, beste gabe, gizarteak nahitaez aldeztu beharrekoak liratekeen eskubide absolutu batzuk ukatu zituztelako direnik gaitzesgarriak.

Gizarteak berak erabaki beharko du, adierazpen-askatasun absolutua aitortzearen argitan, beste kolektibo edo herritar batzuek eskubide hori askatasunez egikaritzea eragozten duten beste adierazpen modu batzuk babestu behar diren edo ez. Gizarteak berak egin beharreko planteamendua da hori, sostengu izan nahi dituen egiazko giza balioak aldeztu nahi baditu.

Anuncios

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión /  Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión /  Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión /  Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión /  Cambiar )

w

Conectando a %s