Gizarte frustrazioaren kudeaketa demokratikoa

1.- Espero zena lortu ezinaren esperientzia norberaren kontzientzia bezain gizatiarra da. Eta esan ohi da beren seme-alabei esperientzia hori ekidin nahi dioten gurasoek –haien apeta guztiak asetzen ahalegintzen dira, frustratuko diren beldurrez– heldutasunera ez iristera kondenatzen dituztela. Norberaren gaitasunari loturiko giza ahalmenak aurkitzea eta ezagutzea da zuhurrena, eta horrekin batera, nork bere mugak esperimentatzea. Horrela ikasiko dugu, eta ez bestela, bizitzak dakarzkigun frustrazioak kudeatzen.

Gobernu demokratiko guztiek bilatzen dute, ezinbesteko baldintza gisa, herritarren sostengu ahalik eta zabalena, nahikoa izatera inoiz iristen ez dena. Horrela, beren erabakiak legitimatzera behartuta sentitzen dira, herritar gehienen nahiak eta asmoak ase ahal izateko.

Batzuetan, ordea, gobernuan daudenak –askotan, beste ahaltsu batzuekin elkar harturik– herritarrei krisi iragarpenak ezkutatzen ahalegintzen dira, haiei –haurrei bezalaxe– frustrazio desatseginak eragoztearren, eta atzeratu egiten dute haren existentzia gezurren eta amarruen bidez. Hala, zenbait alprojak finantza-ingeniaritza baliatu eta arlo politikoan zein ekonomikoan dituzten anbizioen neurrira egindako kasinoko erreminta bihurtu dute. Aurrekari horiek izanda ezinbestean datorrena azkenean lehertzen denean, ia beti berandu izaten da itxurazko irtenbide bat aurkitzeko.

Kontua da geure artean bertan –eta Europako beste toki askotan– frustrazio garratz baten esperientzia mingarria oso hedatuta dagoela. Segurutzat jotzen ziren itxaropen asko suntsituta geratu dira. Hainbat familiak ezin dituzte beren premiak duintasunez ase. Guraso askok ikusten dute seme-alabei heziketa akademiko eta profesional ona emateko sakrifizio handiak egin ondoren, haiek ez dutela –epe laburrean behintzat– prestatu diren lanbidean jarduteko aukerarik izango. Bata bestearen atzetik agertzen dira ustelkeria publikoak eta pribatuak, bidegabeki xahututako ondasun publikoak, klase ahaldunen diru-eralgitze arranditsuak, banku eta enpresetako zuzendaritzako kideen edo eliteko kirolarien soldata eskandalagarriak eta abusuzko kalte-ordainak, milioi askotako zerga-itzurpenak, etab. Politikaren kasuan, berriz, etengabekoak dira norberaren porroten ardura beste batzuei egotzi nahian egiten diren funtsik gabeko salaketak eta kalumniak, egia ezkutatzea, aldaezintzat jotzen diren eta besteei inposatu nahi zaizkien norberaren printzipioen autokritika falta, datuen manipulazio nazkagarriak edota ustelkeriaz eta susmoz blaitutako giro batean zintzo eta garbi jokatu nahi dutenen aurkako laidoak eta irainak. Aurkariaren izena belztearen joko zikinak hartu du eztabaida arrazoituaren lekua. Azken batean, ez zaio inori interesatzen krisiaren ondorioak gehien pairatzen dituztenen sufrimendua.

2.-Ez da harritzekoa, testuinguru honetan, pertsona arduratsu orok galdetzea zein ote diren hain zabalduta dagoen gizarte-frustrazio honen kausak. Eta, batez ere, nola ekidin daitezkeen etorkizunean. Egonezin horietatik abiaturik, etika demokratikoaren alderdi espezifiko batzuk nabarmendu nahi ditugu gogoeta honetan, gizarte-frustrazioaren kudeaketa politikoari dagokionez.

  1. Garrantzitsua da krisiaren eta frustrazioaren arteko bereizketa egitea. Ongi diagnostikatu eta zuhurki kudeatutako krisialdi bat hazteko eta hobetzeko aukera ere izan daiteke.
  1. Frustrazioa, beti, espero ziren helburuen eta egiaz lortzen denaren arteko proportzio ezaren fruitu izaten da. Krisia izan liteke haren pizgarri. Batez ere, haren existentziari edo izaerari buruz engainatuta bizi izan baldin bagara. Geure burua engainatu dugulako –ez genuelako ikusi eta aitortu nahi gertatzen ari zena– edo engainatu gaituztelako –positiboki, beti fidatu izan garen pertsonek engainatuta, edo negatiboki, horretarako obligazioa zutenek ez zigutelako abisatu–. Asko dira azkenaldi honetan gure artean bizi izandako gisa horretako adibideak. Oso kontuan izatekoa da hori.
  1. Gure gizartean bizi-bizirik dagoen krisi eta frustrazio testuinguru honen ondorioz eratu den giro sozialean, gorago aipatutako engainu edo auto-engainu hori beste engainu –edo auto-engainu– handiago baten bitartez gainditzen saiatzeko arriskua ere badago. Konfiantzazkoak jotzen zirenen engainuen biktima izateak eragin dezakeen amorrua eta etsipena oso erraz bihur daitezke –engainatuak izan direnen botoen trukean– engainu hori sustraitik ezabatuko dutela agintzen dutenenganako konfiantza itsu, baina ez genuke ahaztu behar oraindik promesak baizik ez direla.

3.- Engainuaren arazo hori –atzerakoia edo iraultzailea izan– demokratikoki ebazteko ezinbestekoa da herritarrok adi egotea eta gertatuaren egia bereizteko gai izatea. Horretarako, bi baldintza bete behar dira: konfiantza partekatua eta kritika solidarioa. Biak dira beharrezkoak. Konfiantza, kritikarik gabe, engainurako bidea da. Eta kritikak, konfiantzarik gabe, elkartasuna deuseztatzen du. Horiek biak gabe, demokrazia erraz bihur daiteke iruzurrerako arte, zeinaren xedea boterera heltzea edo bertan mantentzea den, merkatua kasino bat balitz bezala kontrolatzeko.

Gure elkarbizitzan arduraz funtzionatzea nahi baldin badugu, gure ordezkariak aukeratu eta proiektu edo programa jakin batzuen defentsa haien esku uzteaz gainera, bai geure buruari eta bai gure ordezkariei eredugarritasun publikoa eskatu behar diegu. Bizitza politiko, ekonomiko eta kulturaleko ageriko protagonistek eredugarritasunaren betebeharra dute, baina gutako bakoitzak ere eredugarri izan behar du gure familiako, etxeko edo auzoko bizitzan; baita gure lanbidean, edo bizitza sozial eta politikoan ere. Azken finean, eraberritze etiko zintzo eta egiazkoa eskatzen zaigu.

Anuncios

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión /  Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión /  Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión /  Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión /  Cambiar )

w

Conectando a %s