Botoa nori eta zertarako (I)

Botoa emateko askatasuna baldintza jakin batzuetan gauzatzen da beti. Baita demokrazian ere. Baldintza sozial, ekonomiko eta juridikoek zuzeneko eragina dute pertsona bakoitzaren parte hartzeko aukeretan eta beroriek askatasunez erabiltzeko herritarrak duen segurtasunean. Demokraziaren kalitatea, parte batean behintzat, hobeak edo okerragoak izan daitezkeen baldintza horien mende dago. Ikuspegi horretatik esan daiteke gure herrietan hurrengo hilabeteotan biziko ditugun hauteskunde prozesuak beste garai batzuetan baino baldintza hobeetan egikarituko direla, aldi haietan, izan ere, mehatxu kriminalen beldurrak eta aukera politiko jakin batzuk kanpora uzteak oso ondorio negatiboak izan zituzten botoa askatasunez aukeratu ahal izateko.

Gaur egungo egoera dezentez hobea izanik ere, hauteskundeetan parte hartzeko baldintza formalei dagokienez, oraindik badira hainbat gizarte-baldintza herritarren parte-hartze demokratiko, aske, jakitun eta arduratsuan eragin kaltegarria izan dezaketenak. Ondorengo hauek nabarmendu daitezke horien artean:

  1. Eztabaida ekonomiko, kultural eta politikoa baldintza publiko jakin batzuetan gertatzen da beti. Bada baldintza publiko horiek errotik ari dira aldatzen informazio sistema berriak direla medio, horrela, komunikatzeko aukera berriak sortu dira, baina baita inkomunikatzeko Luxuzko urbanizazioetako jendeak eta auzo lokaztuetako kolektibo baztertuak komunikatuta egon daitezkeen bezala (hiri berekoak direlako eta antzeko eskuko telefonoak dituztelako) eta, aldi berean, guztiz inkomunikatuta (mundu desberdinetan bizi baitira), halaxe, egunkari edo telebista-kanal desberdinetatik informatzen diren herritarrak komunikatuta bezain inkomunikatuta egon daitezke. Begi bistakoa da hori egunkari bakarra irakurtzen duten edo kanal bakarra ikusten duten pertsonen kasuan, komunikabide horien WEB orrietara jotzen baitu hainbat eta hainbat herritarrek politikaz informatzeko. Gure gizartean gehien kontsumitzen diren medioen editorialen ideologizazio alderdikoi nabarmenak zeharo zaildu lezake “ondasun erkideari” interesatzen zaion pertzepzioa –eta eraikuntza–, herritar guztien erantzukizuna den eztabaida eta erabaki demokratikoan.
  1. Komunikazio sistema berrien erabileran “gizarte sare” pribatiboak sortzen dira (intramundu modukoak); berorien barruan, taldeak eratzen eta antolatzen dira, on egiteko askotan, baina baita gaitz egiteko ere. Hori dela eta, komunikazio sare berrien erabileraren mugak zalantzan jarri dira eta komunikazio guztiak –telefonoak eta posta barne– zaintzea eta zelatatzea ahalbidetzen duten teknologiak garatu dituzte. Zelatatze prozesu horien kudeaketak eta komunikabideek informazio horiek eztabaida politikoan erabiltzeak iritzi publikoa manipulatzea eragin dezakete, herritarren botoa maltzurki baldintza lezakeen gizarte giroa sortuz. Ustelkeria, xantaiak edo ERE iruzurtiak bezalako gai oso larriei buruzko zenbait eztabaidatako estiloa badirudi gehiago oinarritzen dela “eta hik gehiago” bezalakoetan, “ondasun erkideak” eskatzen duen egia bilatu eta argitara ateratzeko espirituan baino.
  1. Prentsaren eta telebista-kanalen mendekotasun alderdikoi aipagarriari Justizia administratzeko antolakuntza erantsi behar zaio, arlo horretako arduradun handienak Estatuko herri ordezkaritzaren ganbaretako indar erlazio politikoen arabera izendatzen baitira, neurri handi batean. Demokrazia finkatu batean Justiziaren administrazioak autonomoa izan behar luke eta beste interes batzuen interferentziak ez du batere laguntzen alderdien finantzaketako irregulartasunak edo funts publikoen kudeaketaren ingurukoak (EREak, Herri Lanak…) bezalako gaiei buruzko eztabaida publiko zentzuzkoak aurrera eramaten, garrantzi handiko gaiak baitira horiek herritar guztien askatasuna solidarioki aldezteko eta berorien Justiziarako eskubidea babesteko.
  1. Arazo horien guztien aurrean, euren programa politikoa eskaintzen duten buruzagiek dei egiten diote boto-emaileari, behin eta berriro, haien hitzetan fida dadin. Baina deigarria gertatzen da, era berean, ez dagoela iraganean gobernuan egondako alderdietako lider bakar bat ere bere agintepean gertatukoen ardura bere gain hartzen duenik, edota egin behar lukeen autokritika egiten duenik. Entzuten den bakarra da “besteak” direla gaitz guztien errudun. Hain zuzen ere, testuinguru horretan ari dira sortzen lider berriak, kutsatu gabe daudela diotenak eta garbitasun osoz jardutea agintzen dutenak. Horiek ere herritarren konfiantza eskatzen dute: herriaren borondatea zintzo errespetatuko dutela horretarako boterea ematen bazaie. Agertoki hori ez da, ordea, onena askatasuna demokratikoki egikaritzeko. Demokraziaren oinarria ez da gizarteak botere politikoa (edo ekonomikoa, kulturulara edo erlijiosoa) egikaritzen dutenengan konfiantza izatea; aldiz, legegintzako, justiziako eta gobernuko erakundeak haien eraginpeko herritarren artean dagoen konfiantzatik jaio behar dute. Elkarren arteko konfiantza partekatu hori da gaur egun krisian dagoena, eta egoera horretatik espiritu totalitarioko liderretara jotzeko tentazioak sor litezke.

Adierazitako arazoak gainditzeko motor printzipala pertsona bakoitzaren konpromisoa da. Beste ezeren aurretik, kritika egiatia eta zuzena helburu duen eztabaida eskatu behar da, bai iraganari buruz eta bai etorkizuneko proposamenei dagokienez.

Anuncios

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión /  Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión /  Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión /  Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión /  Cambiar )

Conectando a %s